XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gero, platereko arrainak eraginda edo, Samuel Pinotxoren aita zen Geppettoren istorioa kontatzen hasi zen, nola izan zen tiburoi batek irentsia, eta nola jarri zen azkenik salborik zurezko semea eta atuna medio.

Eta bazirudien beren giza naufragiorako hitz salbagarriak zirela haiek, zeinetan Gabrielle berriro poztu zen.

Denborak ezerezean ahul pausatua zirudien eta doidoia nabari zitekeen zerbitzaria lehendabiziko plateratik bigarrenera, eta handik postrera igarotzean.

- Esaidazu, Samuel, ni al naiz zu irentsi zaituen tiburoia? bota zion inpentsan.

- Gabrielle... esan dizut zu nire basamortua zarela, oasi ederrez betetako ilunabarreko basamortua.

- Hala bada, Samuel, okerrena zera da: gu biok nomada garela... bukatu zuen ahalegin bat eginez.

Denbora erabat geldirik zegoen artean, eta botila erdi hutsik.

- Benetan esan al zenidan Afrikara joateko asmoa zeneukala?

Gizonak Gabrielleren eskua hartu zuen aurreneko aldiz, eta haren hotzaz ohartu zen.

Gero zalantzan jarri zuen hari zerbait esatea, halanola berarekin joan zedila, baina emakumeak berak jarraitu zuen:

- Orain eskunaba irakurriko al didazu?, gero zoriontsu izango naizela esateko edo... Ai ene!

- Ez laztana esan zion usorik izango ez zuten ogi apurrak bildu bitartean.

Orduan, emakumearentzat erosia zuen oparia atera, eta haren plateraren ondoan ipini zuen.

Eta emakumea zirrara ezti batek kurritu zuen (...).